2015(e)ko otsailaren 26(a), osteguna

HAZIAK NOIZ ERNEKO ZAIN

Hiru urteko lagunok, berriki, maisu Joxe Marirekin egoteko aukera zoragarria izan dugu. Artista bat da Joxe Mari eta asko gustatzen zaio baratzeko eta landareei buruzko kontuak-eta ikasleoi helaraztea. Hala, gelan dituen hazi eta landareez inbidia pixka bat sentituta, ea guretzat ere hazi batzuk prestatuko zituen galdegin genion duela gutxi. Esan eta egin.

Erakutsi zigun haziak zein txikiak diren eta nola jogurtaren ontziari haziak erein aurretik azpian ebakidura pare bat egitea komeni den. Beraz, ontziak zulatu, lur pixka bat jarri, ontzi bakoitzean bizpahiru hazi zulotxo banatan sartu eta listo! Adi-adi segitu genituen bere jarraibideak. Orain gelan dauzkagu ontziak, tarteka ureztatzen ditugu eta egunero begiratzen diegu ea landare txikirik ageri den. Oraindik zain gaude, baina egon lasai: zerbait atera orduko jakinaraziko dizuegu-eta!!

Eskerrik asko Joxe Mari!!







iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.